106 pertsonak parte hartu dute apirilaren 7an Eusko Jaurlaritzaren egoitzan aurrez aurre egin den Elikagaien Segurtasunaren arloko Ikerketa Emaitzak Transferitzeko IX. Jardunaldian. Parte-hartzaileen artean zeuden, besteak beste, elikaduraren balio-kateko eragileak (% 20), zentro teknologiko eta unibertsitateetako ikertzaileak (% 30) eta euskal administrazioko teknikariak (% 50).

Aurkezpenak

Ikertzaileek 2021ean garatutako ikerketa-proiektuen emaitzak aurkeztu dituzte, elikadura-arriskuak (listeria, anisakisa edo Alternaria alternataren mikotoxina sortuberriak) gutxitzeko egindakoak. Halaber, Elikagaien Segurtasuna kontrolatzeko hainbat metodo azkar ere aurkeztu dira. Horrez gainera, Osasun Publikoak EAEko ikastetxeetako jantokietako NAOS adierazleen emaitzak ere jakinarazi dituzte, Elikadura Osasuntsuaren ekimenen esparruan.

2022-2026 Euskal Ikerketa-Plan Berria

Bestalde, bederatzigarren edizio honetan, ELIKAren zuzendari gerenteak 2022-2026 aldirako “Baserritik Mahaira” euskal ikerketa-plan berria aurkeztu du. Planaren helburua da ebidentzia zientifikoa ematea, elikadura seguru, osasuntsu eta jasangarriagoa lortzera bideratutako erabakiak hartzen laguntzeko, eta Euskadin hiru jarduketa-eremu horietako ikerketa koordinatzea.