EFSAk 2030erako ikerketa-lehentasunak identifikatu ditu elikagaien segurtasunaren arloan
EFSAk elikagaien segurtasunaren arloko arriskuen ebaluazioari laguntzen dion ikerketak datozen urteei begira dituen beharrizanen eta lehentasunen hiru ikerketa-ildo jaso ditu berriki argitaratutako dokumentu batean.
Informazio-iturriak
EFSAren 2020ko Estrategiaren barruan, “Trusted science for safe food” izenekoan, garrantzi berezia ematen zaio arriskuaren ebaluazioaren arloko ikerketaren lehentasunak identifikatu eta aktore garrantzitsuei jakinarazteari.
EFSAk bildu eta ebaluatu egiten du zientziarik berriena, arriskuen analisiaren arloko erabaki politikoak hartzeko. Hartara, aktiboki egiten du lan erakunde ugarirekin datuak, informazioa, esperientzia eta langileak trukatzeko, Kontsulta Foroaren eta 36. artikuluko zerrendan jasotako eskumeneko 375 erakunde eskudunen bitartez (agintaritza publikoak, unibertsitateak eta ikerketa-zentroak). Halaber, EFSAk estatu-kide guztietan presentzia duten 16 sare zientifiko koordinatzen ditu eta aktiboki hartzen du parte nazioarteko hainbat saretan.
Ikerketa-agendak koordinatzea
RARA ekitaldian (2018ko otsaila) ondorioztatu zen elikagaien segurtasunaren arloko ikerketa koordinatzeko beharra zegoela. Hain zuzen, ekitaldi horretako parte-hartzaileek EFSAri eskatu zioten ezagutza zientifikoen eta arduradun politikoen arteko bitartekari-lanak egiteko, eta, beraz, EFSAk ikerketa-plataforma bat ezarri zuen proiektu-ideiak babestu, partzuergoak eratzea sustatu eta zientzialariei elikagaien segurtasunaren arloko ikerketan aritzeko funtsak eskuratzeko aukerak aurkitzen laguntzeko.
Aldi berean, EFSA estu-estu dabil lankidetzan EBko Aholkularitza Zientifikorako Agentzien Sarearekin (UE-ANSA). Sare horrek aholkularitza zientifikoa ematen die EBko arduradun politikoei. Sare horrek gogoetarako dokumentu bat argitaratu zuen 2018an. Bertan, EBko agentziek duten balio erantsia sustatzeko ekintzak proposatu ziren, Europako ikerketa-aktoreei eta Europako erakundeetako arduradun politikoei dagokienez. Ekintza horietako bat ikerketa-agendak eratzeko eta hedatzeko prozesuetan era aktiboagoan parte hartzea zen.
Ikerketa-ildoak eta -gaiak
Ekintza hori betetze aldera, EFSAk etorkizunean elikadura-sistema seguruak garatzeko erabilgarriak diren hainbat gairi lotutako hiru ikerketa-ildo identifikatu ditu:
1. ELIKAGAI SEGURUEN SISTEMAK: Elikagaien segurtasuna hobetzea, produkzio-sistema alternatibo eta jasangarrietarantz aurrera egin ahala:
- Arriskuak ebaluatzeko gaitasuna.
- Elikakatea murriztea eta berrantolatzea.
- Elikagaien eta pentsuen segurtasuna bermatzea.
- Teknologia berriek elikagaien produkzioan eta ekonomia zirkularrean duten eragina.
- Gizarte-aldaketen eragina.
2. ARRISKUEN EBALUAZIOAREN ARLOKO BERRIKUNTZA: Berrikuntzen eta teknologia berrien eragina aplikatzea arriskuaren ebaluazio integratuan:
- Ikuspuntu integratuak aplikatzea arrisku kimiko eta mikrobiologikoetan eta antimikrobioekiko erresistentzian.
- Teknologia eta ezagutza berriak integratzea arriskuen ebaluazioan.
- Ikuspuntu integratua aplikatzea landare eta animalien izurrite eta gaixotasunetan.
- Giza eta ingurumen arriskuen ebaluazioen emaitzak integratzea.
3. ARRISKU HOLISTIKOA EBALUATZEA: Testuingurua ulertzea eta inpaktua izango duen zientzia eskaintzea eta aditzera ematea:
- Gizarte-ikerketa egitea herritarrek elikagaien segurtasunaren arloan duten kontzientzia, pertzepzioa eta jokabideak ulertzeko.
- Arrisku-onura ebaluazio integratua egitea.
- Datuetan oinarritutako tresnak erabiltzea elikadura-sistemetan.
- Adimen artifiziala eta ikaskuntza automatikoa.
- Gaitasunak garatzea etorkizuneko diziplina arteko ezagutzei begira.