EFSAk Europako lankidetza zientifikorako hurrengo deialdiak argitaratu ditu 17/03/07
178/2002 Araudiaren 36. artikuluari jarraikiz (araudi horrek elikagaien legeriari buruzko printzipioak eta baldintza orokorrak ezartzen ditu, EFSA sortzen du eta elikagaien segurtasunari buruzko prozedurak finkatzen ditu), EFSAk Europako erakunde eskudunen zerrenda bat du eskura, laguntza teknikoa eta zientifikoa eman diezaioten zientzia-iritziak osatzeko datuak bildu eta aurretiko lanak egin behar dituenerako.
2008az geroztik, ELIKA sartu zenetik, beste bi euskal erakunde daude zerrenda horretan: NEIKER eta UPV/EHU. Neiker 2013an sartu zen zerrendan, eta UPV/EHU, berriz, 2014an.
Alde batetik, EFSAk deialdi itxiak egiten dizkie 36. artikuluko zerrendako kideei, Elikagaien Segurtasunaren arloko ekintza-eremu jakin batzuetako proiektuak sortzeko eta finantzatzeko. Bestalde, proiektuak lizitatzeko deialdi irekiak ateratzen ditu, argitaraturiko lizitazioaren gaiari buruzko ezagutza duten eta lizitazioen gidako eskakizunak betetzen dituzten erakunde guztientzat.
EFSAk, joan den martxoaren 2an, EFSAren Zientzia Lankidetzarako Plana argitaratu zuen, diru-laguntzen deialdiak (36. art., grants) eta lizitazioen deialdiak (procurements) barne, 2017. urterako aurrekontuarekin eta egutegiarekin batera. Informazio hori, baina, gutxi gorabeherakoa da, eta EFSA ez dago behartuta prozedura jakin bat abiaraztera.
EFSA Scientific Coopertion Plan 2017- Grants & Procurements