EIT-Food Europako partzuergoak elikagaien sektorea eraldatuko du- AZTI 2016 Europako Berrikuntza eta Teknologia Institutuak (EIT) EIT Food Europako partzuergoa hautatu du Europako elikadura-sistema eraldatzeko eta, horren bitartez, kontsumitzaileen konfiantza indartzeko eta munduko biztanleen osasuna hobetzeko. Elikagaien etorkizuna da Europako Batzordearen lehentasunetako bat; hori dela eta EIT Foodek xede izango du “Europan elikadura-sistema osasungarria eta iraunkorra eraikitzea”.

Horretarako, EIT Foodek elikagaien ekoizpenaren eta berrikuntzaren arloko munduko iraultza baten erdigunean jarri nahi du Europa, eta gizartean txertatu nahi du horren balioa. EIT Foodek kontsumitzaileen parte-hartzea sustatuko du eraldaketa-prozesu horretan, nutrizioa hobetuko du eta elikadura-sistema eraginkorragoa (baliabideei dagokienez), seguruagoa, gardenagoa eta konfiantzazkoagoa izan dadin ahaleginduko da.

EIT Food 50 bazkidek osaturiko partzuergoa da; bazkide horiek 13 herrialdetako puntako enpresak, ikerketa-zentroak eta unibertsitateak dira, denak ala denak beren arloko liderrak. Balio-kate osoa estaltzen dute, eta Europar Batasuneko herrialde ugari eta kide diren beste herrialde batzuk ordezkatzen dituzte. Hauek dira Espainiako sei bazkideak: Acesur, Angulas Aguinaga eta Grupo AN enpresak; CSIC eta AZTI ikerketa-zentroak, eta Madrilgo Unibertsitate Autonomoa.

Datozen zazpi urteetan, bazkideek 1.200 milioi euro inguru inbertituko dituzte. Horri, gainera, EITk inbertitutako beste 400 milioi gehitu behar zaizkio. Hauek dira inbertsio horien xedeak:

  1. 350 enpresa berri inguru sortzen laguntzea.
  2. Graduko ikasketak dituzten 10.000 pertsonari aukera ematea Elikadura Sistemen arloan diziplinarteko master bateratu bat egiteko, eta nazioarteko programak antolatzea.
  3. 290 produktu, zerbitzu eta prozesu berri garatzea, edo zeudenak hobetzea.
  4. Berotegi-efektua eragiten duten gasen isurpena % 40an murriztea 2030. urterako, Europako elikadura-sisteman

EIT Foodek 4 berrikuntza-programa abiaraziko ditu gizarteko erronka hauei erantzuteko:

  1. Elikadura osasungarri pertsonalizatua (Food Connects Assistant).
  2. Kontsumitzailea erdigunean jartzen duen hornidura-kate bat garatzea eta teknologia berriak ezartzea elikagaiak hazteko, prozesatzeko eta banatzeko (Your Fork 2 Farm).
  3. Elikadura-sistema digitalizatzea (The Web of Food).
  4. Prozesuetan baliabide eraginkorrak txertatzea, elikadura-sektoreak gaur egungo “ekoitzi-erabili-suntsitu” eredu linealaren eraldaketa gida dezan, bioekonomia eredu zirkular baten bitartez (The Zero Waste Agenda).

Ekimen horren egoitza Belgikan dago, eta bost geografia-puntu ditu berrikuntza sustatzeko, talentua garatzeko eta kontsumitzaileen parte-hartzea indartzeko eskualde mailan. Hauek dira:

  1. Mendebaldeko puntua: Lovainan. Belgikako, Frantziako eta Suitzako bazkideekin.
  2. Erdialdeko puntua: Munichen. Alemaniako eta Herbehereetako bazkideekin.
  3. Ipar-mendebaldeko puntua: Readingen. Erresuma Batuko, Islandiako eta Irlandako bazkideekin.
  4. Ipar-ekialdeko puntua: Varsovian. Poloniako eta Finlandiako bazkideekin.
  5. Hegoaldeko puntua: Madrilen. Espainiako, Italiako eta Israelgo bazkideekin.

Hegoaldeko puntu hori 11 bazkidek eta esparru osagarrietan berezitutako 14 start-up enpresa berritzailek osatzen dute. AZTI da puntu horren bitarteko arduraduna, eta xede nagusi izango du askotariko bizi-estiloetara egokitzen diren balio erantsidun zerbitzuak eta elikagaiak ekoiztea, kontsumitzaileei gastronomia-kalitate altua duten elikagai osasungarriak aukeratzeko gozamena eskaintzeko, dieta mediterraneoa elikadura osasungarriaren eredu gisa hartuta.

AZTI:EIT Food

EIT-Fooden liburuxka

EIT Fooden webgunea