Elikadura Segurtasunerako Europako Programa Berria
Europako Batzordeak legegintzako proposamen bat aurkeztu du hainbat urtetarako finantza-esparrurako (2021-2027 aldia). Horren barnean, berritasun gisa, Merkatu Bakarraren Programa berri bat sartu du, “elikagaien kapitulu” espezifiko batekin, eta guztira 1,68 mila milioi euro esleituko zaizkio.
Programa hori EBko finantza-tresna nagusi bihurtuko da, eta helburu gisa izango du elikakate osoan zehar osasun-maila altuari eustea pertsona, animalia eta landare guztientzat, ingurumena herritar eta enpresentzat eraginkorra eta segurua izango dela bermatuz.
Hauek izango dira programaren helburu espezifikoak:
- Animalien eta landareen gaixotasunak saihestea eta desagerraraztea.
- Elikagaien ekoizpen eta kontsumo iraunkorra sustatzea.
- Kontrol ofizialen eraginkortasuna, efizientzia eta konfiantza hobetzea.
- Animalien ongizatea areagotzeko politikak babestea.
Merkatu Bakarraren programa honetan finantzatuko diren elikadura-segurtasuneko jarduerak EBn balio erantsi bermatua duten lehentasunezko arlo hauetara bideratuko dira, bai prebentzio-neurri eraginkorrak hartzeko bai krisiak kudeatzeko erabaki-sistemak ezartzeko:
- Albaitaritzarako eta arlo fitosanitariorako premiazko neurriak, gaixotasunen agerraldiei aurre egiteko.
- Animalien ongizatea hobetzen laguntzeko jarduerak.
- EBko erreferentziako laborategien finantzaketa.
- Animalien eta landareen gaixotasunen kontrol koordinaturako programak, eta informazio eta datuen bilketa.
- Alferrik galdutako elikagaiak murrizteko, elikadura-iruzurrari aurre egiteko eta elikagaien ekoizpen nahiz kontsumo iraunkorra babesteko informazio- eta sentsibilizazio-jarduerak.
- Kontrol ofizialez arduratzen diren eskumeneko agintaritzetako langileen gaikuntza, eta animalien nahiz landaren gaixotasunak kudeatzeaz eta/edo saihesteaz arduratzen diren beste arlo batzuena.
- Gizakien, animalien eta landareen osasuna EBko kanpoko muga batera iristen diren produktu eta substantzietatik babesteko neurriak.
Merkatu Bakarraren Programaren finantzaketak “Horizon Europe”, European Social Funds+ eta Digital Europe programak izango ditu osagarri, eta Nekazaritza Politika Bateratuak ere lehentasunak barne hartuko ditu elikadura-segurtasunaren esparruan.