Europako Batzordeak legegintzako proposamen bat aurkeztu du hainbat urtetarako finantza-esparrurako (2021-2027 aldia). Horren barnean, berritasun gisa, Merkatu Bakarraren Programa berri bat sartu du, “elikagaien kapitulu” espezifiko batekin, eta guztira 1,68 mila milioi euro esleituko zaizkio.

Programa hori EBko finantza-tresna nagusi bihurtuko da, eta helburu gisa izango du elikakate osoan zehar osasun-maila altuari eustea pertsona, animalia eta landare guztientzat, ingurumena herritar eta enpresentzat eraginkorra eta segurua izango dela bermatuz.

Hauek izango dira programaren helburu espezifikoak:

  1. Animalien eta landareen gaixotasunak saihestea eta desagerraraztea.
  2. Elikagaien ekoizpen eta kontsumo iraunkorra sustatzea.
  3. Kontrol ofizialen eraginkortasuna, efizientzia eta konfiantza hobetzea.
  4. Animalien ongizatea areagotzeko politikak babestea.

Merkatu Bakarraren programa honetan finantzatuko diren elikadura-segurtasuneko jarduerak EBn balio erantsi bermatua duten lehentasunezko arlo hauetara bideratuko dira, bai prebentzio-neurri eraginkorrak hartzeko bai krisiak kudeatzeko erabaki-sistemak ezartzeko:

  • Albaitaritzarako eta arlo fitosanitariorako premiazko neurriak, gaixotasunen agerraldiei aurre egiteko.
  • Animalien ongizatea hobetzen laguntzeko jarduerak.
  • EBko erreferentziako laborategien finantzaketa.
  • Animalien eta landareen gaixotasunen kontrol koordinaturako programak, eta informazio eta datuen bilketa.
  • Alferrik galdutako elikagaiak murrizteko, elikadura-iruzurrari aurre egiteko eta elikagaien ekoizpen nahiz kontsumo iraunkorra babesteko informazio- eta sentsibilizazio-jarduerak.
  • Kontrol ofizialez arduratzen diren eskumeneko agintaritzetako langileen gaikuntza, eta animalien nahiz landaren gaixotasunak kudeatzeaz eta/edo saihesteaz arduratzen diren beste arlo batzuena.
  • Gizakien, animalien eta landareen osasuna EBko kanpoko muga batera iristen diren produktu eta substantzietatik babesteko neurriak.

Merkatu Bakarraren Programaren finantzaketak “Horizon Europe”, European Social Funds+ eta Digital Europe programak izango ditu osagarri, eta Nekazaritza Politika Bateratuak ere lehentasunak barne hartuko ditu elikadura-segurtasunaren esparruan.