Elikagaiek transmititutako birusen inguruko lehentasunezko ikerketa-beharrak – EFSA/FSA
EFSAk zientzia-txosten bat argitaratu du elikagaiek transmititutako birusei buruzko zientzia-tailerraren emaitzei buruz. Tailerra EFSAK eta FSAk antolatu zuten elkarrekin, 2015. urtean.
Azkenaldian gora egin dute elikagaiek transmititutako birusek eragindako agerraldiek; hori dela eta, tailerrean bildu ziren, besteak beste, hainbat akademiko, mediku, albaitari, elikagaien industriako espezialista eta honako arlo hauetako legegile aditu: giza osasunarentzat kezkagarrienak diren hiru birusen (norobirusa, A hepatitisaren birusa eta E hepatitisaren birusa) epidemiologia, hautematea eta kontrola elikagaietan.
Tailerraren helburu nagusia izan zen arlo horietako ezagutzak ebaluatzea, hutsuneak identifikatzea eta etorkizunean ikertzeko dauden lehentasunezko beharrak ezartzea, batetik, eraginkortasuna handitzeko eta, bestetik, elikagaiek transmititutako birusen arloko diziplina arteko lankidetzetatik sortutako sinergietatik etekinak ateratzeko.
Ingurumenerako, Arrantzarako eta Akuikulturarako Erresuma Batuko Zentroak egin du zientzia-txostena, eta bertan ikertzeko beharrak sailkatzeko eta horiei lehentasuna emateko erabilitako metodologia deskribatzen da. Horrez gain, ondorioztatzen da honako bost gai hauek dutela etorkizunean ikertzeko lehentasun handiena:
- E Hepatitisaren birusaren infekzio-gaitasuna ebaluatzeko metodoak garatzea eta baliozkotzea.
- Honako hauen arteko lotura ezartzea: elikagaietan norobirusa hautematea eta osasun publikorako duen arriskua.
- Norobirusak eta A hepatitisaren birusak elikagai-laginetan duten infekzio-gaitasuna ebaluatzeko metodoak garatzea.
- E Hepatitisaren birusa haragian eta haragi-produktuetan hautemateko metodoak normalizatzea.
- E Hepatitisak Europako giza biztanleengan duen karga zehaztea.
Foodborne viruses: identifying research needs