Europako Batzordeak agiri batean bildu ditu Elikagaien Segurtasunaren eta Nutrizioaren arloko egungo erronkak, alde batetik, eta Europako Batasunak erronka horiei erantzuteko ezarri behar duen ikerketa eta berrikuntzako (I+b) politikaren lehentasunak, bestetik.

Txosten honekin, lehen urrats gisa, Europako 2030eko I+b esparruaren gaineko ikuspegi koherenteago bat osatu nahi da. I+b horrek bi helburu nagusi ditu:

 

  • Baliabideak eta alderdi interesdunak mobilizatzea, nazioarteko erronka politikoei erantzungo dieten I+b planak ezartzeko; besteak beste, Garapen Iraunkorrerako Helburuak (GIH) eta Klima Aldaketari buruzko Nazio Batuen Esparru Hitzarmena (COP 21).
  • Europako Batasunaren egungo lehentasun politikoak betetzea: hazkuntza, enplegua eta inbertsioa; karbono gutxiko ekonomia, segurua eta lehiakorra; merkatu bakar digitala; batasun demokratikoagoa; munduko eragile indartsuagoa; eta ekonomia zirkularra.

 

ELIKAGAIEN SEGURTASUNAREN ETA NUTRIZIOAREN ARLOKO EGUNGO ERRONKAK

Elikakatea

 

  • Munduko elikagai-sistemak 4 bilioi jaki-tona ekoizten ditu; % 90etik gora lurretik dator, eta gainerakoa, berriz, itsas uretatik eta barruko uretatik.
  • Kalkulatzen denez, elikagaien ekoizpen osoa gutxienez % 60 areagotuko da 2050erako, mundu osoan 9.000 milioi biztanle baino gehiago elikatu ahal izateko.
  • Gutxi gorabehera, 1.300 milioi jaki-tona baztertzen dira urtero, hau da, giza kontsumorako ekoitzitako elikagai guztien % 33.

 

Hori dela eta, irtenbidea ez da ekoizpena areagotzea, baizik eta elikagaien ekoizpena eta banaketa hobetzea, dietak aldatzea eta janari gutxiago xahutzea.

Ingurumena

 

  • Ur geza jakiak ekoizteko erabiltzen da gehienbat, eta nekazaritzaren eta abeltzaintzaren % 70 ere janaria ekoizteko erabiltzen da.
  • Elikakatearekin lotutako industria-jardueretarako, Europako Batasunaren energia-kontsumoaren % 26 inguru baliatu behar da.
  • Elikagaien ekoizpenak mundu osoko lurreko biodibertsitatearen galeraren % 60 eragin du.
  • Ekoizpen primarioak mundu osoko berotegi-gasen igorpenen % 25 baino gehiago sortzen du.
  • Haragiaren eta animalia-jatorriko produktuen kontsumoa % 76 areagotzen bada 2050erako, baliteke berotegi-gasak % 80 ugaritzea. Horren ondorioz, neurri jakin batzuk hartu beharko lirateke abeltzaintzak eragindako klima-aldaketa arintzeko.

 

Animalietatik eratorritako elikagaiak ekoizteko baliabideek aztarna handia uzten dutenez, proteina-iturri alternatiboetan oinarrituriko dieten inguruan kontzientziatu behar da jendea, eta elikakatea fase guztietan iraunkorra izan dadin lortu, baliabide naturalen kontsumoa murrizte aldera.

Nutrizioa eta Elikagaien Segurtasuna

 

  • Gutxi gorabehera, 795 milioi pertsonak (9tik 1ek) daukate malnutrizio kronikoa, eta ia 2 bilioi pertsonak gehiegizko pisua edo obesitatea. Faktore horien eraginez, areagotu egiten da gaixotasun kardiobaskularren, minbiziaren, arnas gaixotasun kronikoen, diabetesaren, depresioaren, gaixotasun muskuloeskeletikoen eta bizimodu osasungaitzak (inaktibitate fisikoa…) izateko faktoreen intzidentzia.
  • Elikagaien segurtasuna eta kaltegabetasuna oraindik ere kezkabide da mundu osoan; izan ere, munduan 600 milioi pertsona (12tik 1) gaixotzen dira elikagai kutsatuak jateagatik, eta horrek 420.000 heriotza eragiten ditu.

 

I+b ARLOKO ETORKIZUNEKO ERRONKAK

Planetako baliabideak gaur egun bezain bizkor agortzen baditugu aurrerantzean ere, luzera begira ezinezkoa izango da ugarituz doan biztanleria hornitzea. Horrenbestez, Europak etorkizunean ere iraun dezan, I+b arloko lau lehentasun hauek hartu behar dira kontuan, erronka horiek gainditu ahal izateko:

 

  1. Dieta iraunkor, osasungarri eta seguruetan oinarritutako nutrizioa
  2. Elikagai-sistema adimendunak eta ingurumenaren aldetik iraunkorrak
  3. Ekonomia zirkularra eta elikakateko baliabideen eraginkortasuna
  4. Komunitateen berrikuntza eta ahalduntzea.

 

European Research & Innovation for Food & Nutrition Security