Europako Batzordearen Osasun eta Elikagaien Segurtasuneko Zuzendaritza Nagusiak jakinarazi du elikagaien xahuketa murriztea xede duten proiektuentzako deialdiak abiaraziko dituela. Deialdia elikakatean interesa duten eragile guztientzat da, eta eskabideak aurkezteko azken eguna irailaren 25a izango da.

Merkatu Bakarreko Programako laguntza horiek Europako Batzordeak kudeatzen ditu, Osasunaren eta Arlo Digitalaren Europako Agentzia Exekutiboarekin (HaDEA) lankidetzan.

Eremua

Deialdiaren helburua da kontsumitzaileen artean, etxean zein etxetik kanpo, elikagaien xahuketa prebenitu eta murrizteko ekintzak garatu nahi dituzten eragileei laguntzea. Besteak beste, honako hauek dira ekintza horiek:

  • Kontsumitzaileen portaera aldatzeko esku-hartzeak egitea.
  • Hezkuntza eta prestakuntza eskaintzea.
  • Elikagaien xahuketa monitorizatzeko programak eta tresnak gauzatzea.
  • Kontzientziazio-kanpainak eta komunikazio-materialak egitea.
  • Azterlanak egitea, datuak biltzea eta kontsumitzaileen artean elikagaien xahuketa prebenitzeko ezagutza-oinarria handituko duten ekintza esperimentalak gauzatzea.

Nork eska ditzake laguntzok?

Deialdia banakako eragileentzat zein elikakatean zehar eragile askoren arteko lankidetzatarako da. Horrek barne hartzen ditu nekazaritzaren eta abeltzaintzaren esparruan inplikatutako pertsonak, ekoizleak, banatzaileak, elikadura-zerbitzuak, ikertzaileak, irabazi-asmorik gabeko erakundeak eta entitate publikoak (tokikoak, eskualdekoak edo estatukoak, bai eta ikastetxeak ere).

Aurrekontua

Deialdiaren guztizko aurrekontua 4M eurokoa da, eta espero da proiektuak finantzatzeko gehieneko kopurua 100.000 eta 300.000 € artekoa izatea proiektuko. Hala ere, horrek ez dira baztertuko beste zenbateko batzuk eskatzen dituzten proposamenak.

Epea

Eragile interesdunek irailaren 25eko 17:00ak baino lehen aurkeztu behar dituzte proposamenak.

Informazioa

Deialdiari eta aplikazio-prozedurari buruzko informazio osoa Europako Batzordearen Parte Hartzailearen Atarian dago. Era berean, erakunde interesdunekiko lankidetza-aukerak azter daitezke bazkide bila atalean.