CDTIk argitaratu berri du Espainiak Horizonte 2020 programaren lehen bi urteetan (2014an eta 2015ean) izan duen partaidetzaren behin-behineko emaitzen laburpena.

H2020ren lehen bi urteotan, Espainiak laugarren lekua lortu du herrialdeen behin-behineko sailkapenean, EB-28ko % 9,7ko itzulkinarekin, Alemaniaren, Britainia Handiaren eta Frantziaren atzetik. Horrenbestez, esan daiteke emaitzak bikainak direla, gainditu egin baitira hala VII. Esparru Programa osoan lortutako helburuak (EB-28ko % 8,3) nola H2020 osorako ezarritako asmo handiko helburuak.

Eskura dauden behin-behineko emaitzen arabera, Espainiako 1.307 erakundek 1.100,8 milioi euroko diru-laguntza lortu dute EBren Ikerkuntzarako eta Berrikuntzarako Horizonte 2020 Esparru Programaren bidez 2014-2015 artean; horrek, gerora, 1.300 milioi euro inguruko inbertsioa ekarriko du I+G+B jarduerak abiatzeko.

1.307 erakunde horietatik, % 38,6 enpresa pribatuak dira. Espainiaren gainerako diru-laguntza unibertsitateek (% 19,7), ikergune publikoek (% 12,7), ikerketa-elkarteek (% 10,6), teknologia-zentroek (% 9,8), administrazio publikoek (% 5,6) eta elkarteek (% 3)jaso dute.

Era berean, Espainia da H2020ren lehen bi urteetan proiektu gehien zuzendu duen bigarren herrialdea; hain zuzen ere, % 14,2 proiektu gidatu ditu. Gainera, Espainiako erakundeen arrakasta-tasa % 12,6 da, %12,2ko batez bestekoa baino zertxobait handiagoa.

Autonomia-erkidegoei dagokienez, Kataluniak lortu du itzulkinik handiena (% 28,1), ondoren Madrilek (% 24,2) eta hirugarrenik EAEk (% 17,5).

Arlo edo gaien arabera, berriz, emaitza onenak “ETEen berrikuntza” alorrean lortu dira; izan ere, Espainiak lortu du itzulkinik handiena esparru horretan (EB-28ko %15,4), ETE tresnarekin lortutako emaitzei esker. “Elikagaien segurtasuna, nekazaritza eta basogintza iraunkorrak, itsas ikerketa eta barruko uren ikerketa, eta bioekonomia” gaian, Espainiak 46,1 milioi euro lortu ditu, EB-28ko % 10,1eko itzulkinarekin.

Datozen asteotan, CDTIk alor bakoitzaren inguruko txostenak argitaratuko ditu.

CDTI – H2020 programako 2014-2015eko emaitzak