Helburua

Europako Batzordeak Europako Hitzarmen Berdearen esparruko proiektuetarako (EU Green Deal) deialdia ireki du, ikerketa eta berrikuntza mobilizatzeko klima-krisiari erantzuteko, biodibertsitatea eta Europan arriskuan dauden ekosistemak babesten laguntzeko eta berroneratze jasangarria azeleratzeko helburuarekin.

Deialdi hori Horizon 2020 esparru-programaren baitan finantzatuko da, eta Europari koronabirusak eragindako krisialditik errekuperatzen lagunduko dio, horretarako erronka ekologikoak berrikuntzarako abagune bihurtuta.

Aurrekontua

Deialdi honetara bideratutako aurrekontua 1.000 milioi eurokoa da.

Arloak

Deialdia 10 arlotara dago bideratuta, eta 20 gai iradoki dira. Zehazki, honako arlo hauetara aurkez daitezke proposamenak:

  1. Anbizio klimatiko handiagoa
  2. Energia garbia, arrazoizko prezioan eta segurua
  3. Ekonomia garbi eta zirkular baterako industria
  4. Eraikin eraginkorrak energiari eta baliabideei dagokienez
  5. Mugikortasun adimentsua eta jasangarria
  6. Baserritik mahaira
  7. Biodibertsitatea eta ekosistemak
  8. Toxikorik eta kutsadurarik gabeko ingurumena
  9. Ezagutzak sendotzea
  10. Herritarrak ahalduntzea

Deialdiaren testu osoa 2018-2020 lan-programa eguneratuan dago, 20. atalean: Cross-cutting activities. Proiektuak aurkezteko interesa duten erakundeek deialdiaren gaineko zalantzarik edukitzekotan, Horizon Europe proiektuko harremanetarako gune nazionalei egin diezazkiekete beren galderak.

Epea

Proposamenak aurkezteko epea 2020ko irailaren 22an hasi eta 2021eko urtarrilaren 26ra arte egongo da zabalik.

Hitzarmen berdearen testuingurua

Europako Hitzarmen Berdea hemendik eta 2050era Europa klimatikoki neutroa den lehen kontinente bihurtzeko Europako Batzordeak egin duen jarduketa-proposamena eta ibilbide-orria da. Horretarako, inor atzean utziko ez duen ekonomia jasangarri bat izango du ardatz.

2050erako helburu hori lortzeko, gure ekonomiako sektore guztietan eragin beharko da, baina, bereziki, honako hauek egin beharko dira:

  • ingurumena errespetatzen duten teknologietan inbertitzea;
  • industriari laguntzea, berrikuntzan aritu dadin;
  • garraio publiko eta pribaturako sistema garbiagoak, merkeagoak eta osasungarriagoak ezartzea;
  • energiaren sektorean karbonoa erabat desagerraraztea;
  • bermatzea eraikinak eraginkorragoak direla energiaren eraginkortasunaren ikuspuntutik;
  • nazioarteko kideekin lankidetzan aritzea munduko ingurumen-arauak hobetzeko.