Europako Batzordeko I+b Zuzendaritzak Europako Ikerketaren Espazioaren aurrerapenei buruzko txostena argitaratu du, egungo egoera eta 2016 eta 2018 bitartean egin diren aurrerapenak ebaluatu dituena. Oraingo honetan, Europar Batasuneko herrialde guztietan ebaluatu da aurrerapena, estatu kideek, ikerketan interesa duten taldeek eta Batzordeak definitutako 24 adierazleen bitartez neurtutako zaintza-mekanismoa erabilita.

Lehentasunak

Europako Ikerketa Espazioaren aplikazioak sei lehentasun ditu:

  1. Ikerketa-sistema nazional eraginkorragoak
  2. Nazioarteko lankidetza eta lehiakortasun optimoak, barne hartuta era bateratuan zuzentzea ikerketa-erronka eta –azpiegitura handiak.
  3. Ikertzaileentzako lan-merkatua
  4. Genero-berdintasuna eta ikerketan genero-ikuspegia txertatzea.
  5. Ezagutza zientifikorako sarbide irekia eta transferentzia.
  6. Nazioarteko lankidetza.

Ondorioak

EB-28ko batezbestekoari erreparatuz, adierazle nagusiek erakusten dute denboran zehar aurrerapenak egon direla, baina oraindik ere desberdintasun handiak daudela herrialde batetik bestera errendimendu- eta hazkunde-tasei dagokienez. Horregatik, txostenak jasotzen du gehiago aurreratu behar dela lehentasun guztietan.

Europako Ikerketa Espazioaren Nazioko Ekintza Planak 28 herrialdetan garatu dira, eta horrek agerian uzten du apustu politiko bateratuaren alde egin dela eta lehentasun guztiak mobilizatu direla. Europako Ikerketa Espazioaren zaintza-mekanismoa sistematikoki erabiltzeak sendotu egiten du Nazioko Ekintza Planen eragina eta konbergentzia.

Erronka berriak sortzen doazen heinean, Europako eta estatuetako agintariek beren erantzun politikoa koordinatu eta aukera berrietara egokitu behar dute gainontzeko estatu-kideekin, elkartutako estatuekin, Batzordearekin eta interesa duten talde guztiekin. Europar Batasunak epe luzerako proposatutako aurrekontua pizgarriak eta diru-laguntza emateko diseinatuta dago, batera I+b sistema nazionalak hobetze eta Europako Ikerketa Espazioan aurrerapausoak emate aldera.

Espainiaren ebaluazioa

Oro har, Espainia aurreratzen ari da Europako Ikerketa Espazioaren lehentasunei dagokienez. Emaitzarik onenak 1. eta 2. lehentasunetan lortu ditu, eta EB-28ko batezbestekoaren oso gainetik daude. Horizon 2020ren lehen lau urteetan, Espainiako erakundeek 2.816 milioi euroko balioko diru-laguntzak jaso dituzte, eta % 10 inguruko itzulera-tasa lortu dute; gauzak horrela, Espainia herrialdeen rankingeko laugarren postuan dago.

3. lehentasunari dagokionez, Espainiaren lorpen nagusiak Zientzia eta Teknologiako Sistema Nazionalean entzute handia duten Espainiako nahiz atzerriko ikerketa-irakasleak erakartzeko ezarritako egitasmoak izan ziren.

4. lehentasunean, handitu egin da genero-berdintasuneko planak martxan jarri dituzten Espainiako ikerketa erakundeen proportzioa. Unibertsitate publikoek ondo finkatutako genero-berdintasuneko unitateak dauzkate, baita Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Legearen araberako berdintasun-neurriak ere.

5. lehentasunari dagokionez, Espainiak aurrerapen nabarmena lortu du sarbide irekiari dagokionez; izan ere, berriki argitaratutako Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza planak argitalpen zientifikoei eta ikerketa-datuei aplikatuko zaizkien eguneratzeak dakartza.

Espainiako ikerketa-sistemaren ahulgunetako bat 6. lehentasuna da, eta Europako Ikerketa Espazioko batezbestekoaren azpitik dago.