FutureFoodS “elikadura-sistemen etorkizun jasangarrirako Europako lankidetza”-ren lehenengo deialdi transnazional kofinantzatua ebatzi egin da, eta 23 proposamen diruz lagunduko dira, zehazki, 32 milioi eurorekin. Horien artean euskal erakunde bat dago.



Lehenengo faseko aurretiazko proposamenak aurkezteko epea iraun bitartean 275 proposamen aurkeztu ziren, eta Europa osoko ia 1700 ikertzailek parte hartu zuten; horrek erakusten du konpromiso kolektibo irmoa dagoela elikadura-sistema jasangarri eta erresilienteen aurrerapenarekiko.

Aurretiazko proposamen horiek honako gai hauek jorratu zituzten:

  • 1. gaia: Elikadura-sistema jasangarri eta erresilienteetarako bidea: 85 proposamen
  • 2. gaia: Elikagai berriak: elikagaien diseinuan, eraldaketan eta hornikuntzan berrikuntza sustatzea, eskaintza eta eskaria birbideratuz: 134 proposamen
  • 3. gaia: Elikadura-aukera jasangarriak indartzea: elikadura-inguruneak eta dieta-aldaketak ahalbidetzea: 63 proposamen

Lehenengo fasean, adituen panel batek egindako ebaluazio-prozesu zorrotz baten ostean, 50 proposamen hautatu ziren bigarren fasera igarotzeko.

Irailean zehar 50 proposamen horiek ebaluatu ostean, FutureFoodS lankidetza finantzatzen duten erakundeak bildu ziren, urrian azken ebaluazioa egiteko; horren ondorioz, 23 proposamen hautatu dira eskualdeko kontratuak eta kontratu nazionalak negoziatzeko fasera igarotzeko:

  • 1. gaia: 7 proposamen
  • 2. gaia: 9 proposamen
  • 3. gaia: 7 proposamen

Europar Batasuneko 18 herrialde eta 3 eskualdetako 31 erakunde finantzatzaileek, Europako Batzordearekin batera, 32 milioi eurotik gora inbertitzea aurreikusten dute elikadura-sistema jasangarrien I+b arloko 23 proiektu horietan.


Elikadurako eta Landa Garapeneko Sailburuordetzak, ELIKAko aholkularitza teknikoaren bidez, 100.000 € agindu ditu elikakateko euskal agenteen parte-hartzea duten proiektuak finantzatzeko.

Lehenengo fasean, 3 euskal erakundek hartu zuten parte aurkeztutako proposamenen lankidetzan, horietako batean koordinatzaile gisa; bigarren fasean, berriz, 3 euskal erakundek hartu zuten parte gomendatutako proposamenetan.

Azken ebaluazioa eta hautaketa egin ostean, euskal erakunde batek parte hartuko du hautatutako 23 proposamenen artean; hortaz, Eusko Jaurlaritzak 100.000 €-ko finantzaketa erakunde horri emango dio, proiektua gara dezan.