Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailak (EGAS) gaur argitaratu du 2017rako EAEko nekazaritzaren, basogintzaren eta arrantza- eta akuikultura-produktuen sektoreetan ikertu, garatu eta berritzeko laguntzen deialdiaren oinarriak onartzen dituen Agindua.

Laguntza hauek dira I+G+b garatzeko tresna garrantzitsuenetakoak, ez soilik epe laburrera erantzuteko, baizik, nagusiki, enpresa arloko egitasmoak bultzatzeko eta zentro teknologikoekin elkarlanean jardun dezaten bultzatzeko, ikerketa-lanak azpi-sektoreen bitartez gara daitezen sustatuz.

Helburua
Efizientzia areagotzea, lehiakortasuna hobetzea, hazkunde jasangarriaren alde egitea eta lankidetza sustatzea Euskal Autonomia Erkidegoko nekazaritzaren, basogintzaren eta arrantza- eta akuikultura-produktuen sektoreetan.

Xedea
Oinarrizko ikerketako, ikerketa industrialeko eta garapen esperimentaleko proiektuen gastuak eta inbertsioak finantzatzea, antolaketaren arloan berritzea, eta Euskadiko nekazaritza-, elikadura- eta arrantza-sektoreen bideragarritasun-azterlanak egitea.

Onuradunak:

  • EAEko nekazaritza-, elikadura- eta arrantza-sektoreetako enpresak, edozein forma juridiko dutela ere.
  • Elkarteak eta fundazioak.
  • Nortasun juridikorik gabeko pertsona fisiko edo juridiko pribatuen taldeak eta ondasun-erkidegoak.
  • Zentro teknologikoak.
  • Ikerketarako eta ezagutzen zabalkunderako erakundeak.

 

Aurrekontu-zuzkidura:
Agindu honetan ezarritako laguntzak finantzatzeko, 2017ko ekitaldirako, 1.400.000 euro jarriko dira. Zenbateko hori Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren kontura finantzatuko da; horietatik 800.000 euro 2017rako ordainketa-kredituari dagozkio, eta 600.000 euro, berriz, 2018rako konpromiso-kredituari. Honela banatuko da:

  • Oinarrizko ikerketako, ikerketa industrialeko eta garapen esperimentaleko proiektuetarako, 1.232.000 euro erabiliko dira.
  • I+G+b proiektuekin lotutako bideragarritasun teknikoko azterlanetarako, 28.000 euro erabiliko dira.
  • Antolaketaren arloko berrikuntzarako, 140.000 euro erabiliko dira.

Eskabideak aurkezteko epea
Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, hau da, 2017/09/27tik 2017/10/26ra.

 

AGINDUA, 2017ko irailaren 6koa, Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuarena, zeinaren bidez onartzen baitira Euskal Autonomia Erkidegoko nekazaritzaren, basogintzaren eta arrantza- eta akuikultura-produktuen sektoreetan ikertu, garatu eta berritzeko laguntzen 2017ko deialdiaren oinarriak.

Eskabidea eta dokumentazioa aurkeztea