Eusko Jaurlaritzak,ekainaren 7an, FEADER Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsaren bidez landa garatzeko lankidetzarako laguntzen 2016ko deialdiaren oinarriak onesten dituen AGINDUA argitaratu zuen.

Laguntza horien bidez, Eusko Jaurlaritzak nekazaritzaren, elikagaien eta basogintzaren sektoreetan lankidetzan jarduteko moduak sustatu nahi ditu.

Euskadiri dagokionez, Euskadiko 2015-2020ko Landa Garapenerako Programa sortu da, EBk eta EAEk elkarrekin finantzaturiko neurriak martxan jartzeko asmoz. Mota horretako laguntzak islatuta daude Euskadiko programa horren 16. neurrian, Kooperazioari buruzkoan; neurri horren barruan, era berean, beste zazpi neurri zehaztu dituzte.

Neurri horiek, alde batetik, berrikuntzaren bitartez landa-ingurunea lehiakorrago egiteko lankidetza sustatzen dute; beste alde batetik, banaketa-kate laburrak eta tokian tokiko merkatuak indartzen dituzte; eta, azkenik, nekazaritzaren, elikagaien eta basogintzaren sektoreak berrikuntza-proiektu pilotuetan parte hartzera bultzatzen dituzte, produktu, jardunbide, prozesu eta teknologia berriak garatzeko.

Lankidetza sustatzeko neurri horretarako 3.750.000 euroko aurrekontua ezarri dute, kasuan kasuko 7 azpineurrietan banatuta. Proiektuak aurkezteko azken eguna uztailaren 7a izango da, eta proiektu bat aurkeztu nahi duten erakundeek izena emateko orria bete beharko dute (Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailaren webgunean dago argitaratua).

EJ-FEADER Lankidetzarako Laguntzak

Araudia

Eskaeren aurkezpena

Euskadiko 2015-2020ko Landa Garapenerako Programa