Innobasque agentziak doako prestakuntza-programa eskainiko du, RIS3 Euskadi espezializazio adimentsuko euskal estrategiak eskaintzen dituen aukeren, laguntzen eta jardunbide onen inguruan. Prestakuntza-eskaintza hori “RIS3 estrategiaren lurralde-hedapena” izeneko ekimenaren parte da, zeinaren bidez azken bi urteetan 25 ikastaro eskaini zaizkien bitarteko agenteen 400 ordezkari baino gehiagori; azken horiek inguruko enpresa eta ETE-ei RIS3 Euskadi estrategiarekin lotutako aukerak helarazi dizkiete.

Programa horren xedea da bitarteko agenteen esku jartzea ezagutzak, kontzeptuak eta tresnak, euren eragin-esparruko ETE-ei helarazteko eta RIS3 estrategiaren alorrei lotutako lankidetzako berrikuntza-proiektuak sustatzeko.

Zein gaietako prestakuntza eskainiko da?

  • Kontzeptuen, aukera-eremuen eta teknologien inguruko ezagutzak, baita RIS3 espezializazio adimentsuko estrategiaren 7 alorretako tresnak ere.
  • Berrikuntzaren eta I+G delakoaren kontzeptuak eta tresnak.
  • Merkatuko berrikuntzaren eta negozio-ereduen berrikuntzaren kontzeptuak eta kasu praktikoak.
  • Enpresen berrikuntza-profilak egiteko eta lankidetzako proiektuak aurrera eramateko metodologiak.
  • Horizon Europe programak eta I+G+b arloko beste Europako programa batzuek eskaintzen dituzten aukerak identifikatzeko kontzeptuak eta tresnak, Euskadiko enpresen parte-hartzea sustatzeko.

Nori dago zuzenduta?

ETE-en gertuko lurralde-eragileei: tokiko garapen-agentziak, lanbide-heziketako zentroak, klusterrak, merkataritza-ganbarak, patronalak, etab.

Zein arlotan?

RIS3 Euskadi estrategiak I+G eta berrikuntzako zazpi alor identifikatu ditu: fabrikazio aurreratua, energia, biozientziak/osasuna, elikadura, hiri-habitata, kultura- eta sormen-ekosistemak eta -industriak, balio eta potentzial handienak edukitzeagatik.

Elikaduraren arloan, RIS3 estrategiak honako lehentasun hauen alde egiten du:

  • Elikadura osasuntsua – dieta pertsonalizatua.
  • Elikagaiak ekoizteko sistema berriak.
  • Bereziki ahulak diren biztanleentzako garapen gastronomiko berriak: Haurrak eta seniorrak.
  • Kalitatezko elikadura segurua. Hautemate- eta kontserbazio-teknologia berriak.
  • IKTak ekoizpen-, logistika- eta komertzializazio-prozesuetan gehitzea.
  • Kontsumo-joera berrietara egokitutako erabilgarritasun-prestazio berriak dituzten elikagaiak.

Noiz eta nola?

Prestakuntza-saioa urte honetako uztailaren eta abenduaren artean eskainiko da , webinar-formatuan.

Interes-adierazpenak

Innobasque agentziako kideei eskatzen zaie prestakuntza-programan parte hartzeko interesa erakusteko, inprimaki hau beteta ekainaren 22a baino lehen:

http://analytics-eu.clickdimensions.com/cn/abeyr/InteresRIS3