2019ko apirilaren 10ean eta 11n, Holandako Nekazaritza, Elikadura eta Ingurumen Ministerioak (LNV), RVO Agentziarekin batera, mintegiaren bigarren edizioa antolatu zuen, Wageningen Unibertsitatean. Mintegiaren helburua zen ERA-Net SusAn ekimenaren lehen deialdian finantzatutako 14 ikerketa-proiektuen epe ertaineko emaitzen berri ematea.

Emaitza

Emaitza oso arrakastatsua izan zen; izan ere, animalia-ekoizpenerako sistema iraunkorren 14 proiektuetan etorkizun handiko ikerketa transnazionala hauteman zitekeen animalia-ekoizpenerako sistema iraunkorren arloan.

20 herrialde baino gehiagotako 100 ikerlari baino gehiagok elkarrekin lan egin zuten proiektu horietan. Proiektuek 16 milioi euro jaso dituzte guztira, funts nazionalak eta EBko funtsak kontuan hartuta; zehazki, Wageningen Unibertsitateak 6 proiektutan hartzen du parte.

Lehen eguna

Mintegiaren lehen goizean, koordinatzaileek proiektuen pitchak aurkeztu zizkieten hiru minutuan ERA-Net sareko 23 herrialdeetako 60 parte-hartzaileei. Proiektuak irudikatzen dituzten objektuak aipatu zituzten, eta diskurtsoak berritzaileak eta sinesgarriak izan ziren.

Poster market eta networking lunch saioen ondoren, proiektuek SusAn-en helburuei zer ekarpen egiten dieten eta iraunkortasunaren 3 zutabeetan (garrantzi ekonomikoa, gizarte-onarpena eta ingurumenarekin bateragarritasuna) nolako eragina izango duten azaldu zuten 14 koordinatzaileek. Lehen egunaren amaieran, Wageningen Unibertsitateak bere ukuilu esperimentaletako ateak ireki zituen, campusa erakusteko.

Bigarren eguna

Bigarren eguna hasteko, SusAn-ek kofinantzatzen dituen proiektuetako batean parte hartzen duen abeltegi bat bisitatu zuten: “FreeWalk”.

Jarraian, 2 tailer dinamiko egin ziren koordinatzaileekin, ELIKAk eta ILVOk gidatuta. Tailer horietan, ikasitakoak eta jardunbiderik egokienak identifikatu ziren (to do´s and not to do´s lists), interes-taldeek proiektuetan parte har dezatela lortzeko eta ikerketen emaitzen komunikazioa nahiz hedapena hobetzeko.