FUSIONS ikerketa-proiektuak Europar Batasunean alferrik galtzen diren elikagai-hondakinei buruzko azterlan bat argitaratu du. Proiektu horren helburua da elikagai gutxiago alferrik galtzea eta galera hori prebenitzea, eta, aldi berean, gizakion eta animalien elikakatearen segurtasuna bermatzea. Azterlanaren arabera, urtero elikagai-hondakinen 88 milioi tona inguru sortzen dira EB-28an. Horien zenbatekoa, dirutan, 143 milioi eurokoa da.

Beste era batera esanda, EBn ekoizten diren elikagai guztien % 20 hondakintzat hartzen dira. Aldi berean, EBko 55 milioi pertsonak ez dute bi egunez behin kalitatezko jatordu bat izateko baliabide ekonomikorik (Eurostat, 2015eko urria).

Ildo horretan, Europar Batasunak konpromisoa hartu du Nazio Batuetako buruek 2015ean ezarritako Garapen Iraunkorrerako Helburuak (GIH) betetzeko. Helburu horien artean dago 2030erako per capita elikagai-hondakinak erdira murriztea txikizkako merkataritzan eta kontsumitzaileen artean, eta elikagaien ekoizpen-katean eta hornikuntzan gertatzen diren galerak murriztea. Horrez gain, Batzordeak elikagai-hondakinen prebentzioa lehentasunezko esparru gisa ezarri du ekonomia zirkularra sustatzeko ekintza-planean (COM (2015) 614).

Helburu horiek bete ahal izateko, Batzordeak elikagai-hondakinak prebenitzeko Europar plataforma bat (FLW) sortu du; plataforma horretan biltzen dira honako eragile garrantzitsu hauek: EB-28ko administrazio nazionalak eta EFTAko herrialdeak, EBko erakundeak, nazioarteko erakundeak eta elikagaien balio-kateko eragileak (kontsumitzaileak eta gobernuz kanpoko beste erakunde batzuk barne).

FLW plataforma berriak hiru helburu nagusi ditu:

  • elikagaiak alferrik gal ez daitezen beharrezko neurriak zehaztea
  • jardunbide egokiak partekatzea
  • denboran zehar egindako aurrerapena ebaluatzea.

Horretarako, proiektuen deialdi bat ireki du, elikagai-hondakinen prebentzioaren arloan esperientzia duten sektore pribatuko erakundeek beren proiektu-proposamenak aurkez ditzaten (azken eguna: 2016ko maiatzaren 27a).

Alferrik galdutako elikagaien txostena

Elikagai-hondakinen plataforma (FLW)

FLW plataformaren deialdia

Ekonomia Zirkularraren Estrategia

Garapen Iraunkorrerako Mundu-mailako Helburuak (GIH)