EFSAk abian jarri du Elikagai Arriskuak Ebaluatzeko Beken Europako Programa (EU-FORA), hau da, EBn zientzia-ebaluaziorako gaitasuna eta ezagutzaren komunitatea eraikitzeko funtsezko egitasmoa.

EU-FORA programak aukera paregabea ematen die oraindik ere karrera profesionalaren lehen aldietan (15 urte baino gutxiago) dauden zientzialariei, hala EBko elikagai-segurtasunaren arloko estatu-agintaritzetatik datozenei nola 36. artikuluak jasotzen dituen beste erakunde batzuetatik datozenei, elikagaiek transmitituriko arriskuen ebaluazioaren inguruko ezagutzak eta esperientziak areagotu ditzaten.

Programaren ardatz nagusia arrisku kimiko eta mikrobiologikoen ebaluazioa da. Besteak beste arlo hauek lantzen dituzten profesionalentzat pentsatua dago: molekulen biologia, biologia, mikrobiologia, albaitaritzako medikuntza, giza medikuntza, agronomia, nekazaritza-zientziak, biokimika, kimika, ingurumen-zientziak, elikagaien teknologia eta toxikologia.

Hamabi hilabetean, bekadunak euren jatorriko herrialdetik kanpo arriskuen ebaluazioan jarduten duen Europako erakunderen batean arituko dira, “eginez ikasten”. Hala, erakunde horietan erabat integratuko dira, hango lanetan esku hartuko dute, lehen eskuko esperientzia jasoko dute, eta elikagai-arriskuen ebaluazioari dagozkion zientzia-kontu ugari ikasiko dituzte. Gainera, bekadunek EFSAn hasteko ikastaro bat eta 12 hilabeteetan banatuko diren beste hiru prestakuntza-modulu egingo dituzte (2017ko irailetik 2018ko irailera).

EU-FORA proiektuak elikagai-segurtasunaren arloko Europako agentzien eta EFSAren arteko lankidetza bultzatuko du, eta arrisku-ebaluazioaren jardunbideak eta metodologiak bateratzen lagunduko du. Azken batean, baliagarria izango da kontsumitzaile europarrei elikagai seguruez gozatzea bermatuko dieten arrisku-ebaluatzaileen hurrengo belaunaldia sortzeko.

Parte hartu nahi duten zientzialariek eta erakundeek 2017ko urtarrilaren 27ra arte dute eskabidea egiteko.

EU-FORA programa

Hautatze-prozesuaren infografia

Zientzialarien eskaera

Erakunde ostalariaren eskaera