Animalia Ekoizpeneko sistema jasangarrien ERA-NET SusAn eta beste 3 ERA-NET (FACCE ERA-GAS, nekazaritzako eta basogintzako berotegi-efektuko gasen zaintza eta murrizketari dagokiona, ICT AGRI-FOOD, IKTen aplikazioa duten nekazaritzako elikagaien sistemei dagokiena, eta SusCrop, labore jasangarrien ekoizpena) koordinatu egin dira eta indarrak batu dituzte guztiei interesatzen zaizkien eremuetan; horri esker, finantzaketa-ekimen bateratu eta transnazional bat ezarri dute berotegi-efektuko gasak ikertzeko, arreta berezia jarrita labore mistoen eta abeltzaintza sistemen zirkulartasunean, klima-aldaketa moteldu eta aldaketa horretara egokitzea xede.

Helburua

Deialdiaren xedea da nekazaritzako eta abeltzaintzako sistemak (berr)integratzea, eta, hala, sistema horien arteko zirkulartasuna hobetzea, baita ustiategietako jasangarritasuna hobetzea eta berotegi-efektuko gasen eragina murriztea ere.

Finantzaketa

Deialdi bateratu horrek 16 milioi euroko aurrekontua du eta zenbateko hori 30 erakunde publiko finantzatzailek jarri dituzte eskuragarri. Erakunde horiek Europako 16 herrialdetakoak, EBri loturiko 3 herrialdetakoak eta EBtik kanpoko 4 herrialdetakoak dira.

Eusko Jaurlaritzak, ELIKAren laguntza teknikoarekin, 100.000 € jarriko ditu proiektuak aurkezten dituzten edo proiektuetan parte hartzen duten I+B arloko euskal erakunde publiko eta pribatuak finantzatzeko. Horretarako, partzuergo transnazionalak sortu beharko dira eta bete egin beharko dira finantza-erakunde bakoitzari dagozkion estatuko/eskualdeko arauak.

Eskaerak aurkezteko epea

2021eko deialdi bateratuan proposamenak aurkezteko fase bakarra egongo da eta azken eguna 2021eko maiatzaren 26a izango da.