Batzordeak 14.700 milioi euro inbertituko ditu Europa osasuntsu, iraunkor eta digitalago baten alde
I+B-n hamar eurotik lau baino gehiago inbertituko dira (5.800 milioi euro inguru guztira), Europako Itun Berdea babesteko; halaber, EBren konpromisoa da 2050erako EB klima‑neutraltasuna lortu duen lehen kontinentea bihurtzea.
Lan-programa argitaratzea
Joan den ekainaren 15ean Batzordeak Horizon Europeren 2021-2022 aldirako lan-programa nagusia onetsi zuen, non helburu eta alor tematiko espezifikoak deskribatzen diren. Guztira 14.700 milioi euroko finantzaketa jasoko dute deialdien bitartez, eta aurkezteko epea ekainaren 22an irekiko da.
Inbertsio horiek trantsizio ekologiko eta digitala azkartzen lagunduko dute, eta koronabirusaren pandemiaren susperraldi iraunkorra ematea eta etorkizuneko krisiei begira EBren erresilientzia areagotzea ahalbidetuko dute. Horrez gain, Europako ikertzaileen komunitatea babestuko dute beken, prestakuntzen eta trukeen bidez, Europan berrikuntza-ekosistema lotuagoak eta efizienteagoak eraikiko dituzte eta mundu-mailako ikerketa-azpiegiturak sortuko dituzte. Gainera, Europa eta mundu osoko parte-hartzea sustatuko dute, Europako Ikerketa Espazioa (ERA) indartzeaz gain.
Guztira lan-programak 13 zati ditu, sarrera eta eranskin orokorrak barne. Hura osatzen duten dokumentuak eskuragarri daude “Funding and Tender opportunities” atarian (“Reference documents” atalean).
Elikadura-sistema iraunkorrak
Funtsek klima-aldaketaren zientzian aurrerapenak lortzen dituzten, berotegi-efektuko gasen isuriak murrizteko soluzioak garatzen dituzten eta klima-aldaketarako egokitzapena errazten duten proiektuak babestuko dituzte. Adibidez, jarduerek energia eta mugikortasun garbirako trantsizioa azkartuko dute modu iraunkor eta bidezkoan, elikadura-sistemak egokituko dituzte eta ekonomia zirkularraren eta bioekonomiaren alde egingo dute. Horrez gain, karbono‑hustubide naturalak mantendu eta hobetuko dituzte ekosistemetan, eta klima‑aldaketarako egokitzapena sustatuko dute.
Horizon Europe ekitaldiak
Ikerketa eta Berrikuntzari buruzko Europako Jardunaldiak ekainaren 23an eta 24an izango dira, eta arduradun politikoei, zientzialariei, enpresei eta herritarrei aukera emango diete Horizon Europeren inguruan eztabaidatzeko.
Horizon Europeren informazio-jardunaldiak eskatzaileei daude zuzenduta, eta ekainaren 28tik uztailaren 9ra bitartean izango dira.