Eusko Jaurlaritzak 3,4 milioi euro jarriko ditu nekazaritzako elikagaien arloan lankidetza-proiektu berritzaileak sustatzeko.

Gaur, 2017ko uztailaren 12an, 2017ko lankidetzarako diru-laguntzen deialdia argitaratu da, funtsen FEADER Europako Araudian eta Euskal Autonomia Erkidegoko Landa Garapenerako 2015-2020 Programan (OSOA) aurreikusitako moduan.

Diru-laguntza horien helburua da berrikuntza, lankidetza eta ezagutzaren garapena sustatzea landa-eremuetan; horretarako, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailak diseinatutako Berrikuntza eta Lankidetza Estrategia Biziaren (EVIC) printzipioak betetzen dituzten proiektuak finantzatuko dira.

Hona hemen diru-laguntzen zenbait ezaugarri:

  • Diru-laguntzak ez dira itzuli beharko.
  • Urtebete edo gehiago egongo da proiektua gauzatzeko.
  • Gutxienez bi erakundek parte hartu beharko dute, eta horietako batek nekazaritzako elikagaien sektoreko balio-katekoa izan beharko du.
  • Proiektu-ideia baten inguruan taldeak eratzeko interesa izan dezaketen sektoreko eragile guztientzat dira: enpresak, ikerketa-zentroak, landa-garapeneko elkarteak, kudeaketa-zentroak, fundazioak, etab.
  • Hilabete dago eskaerak aurkezteko: uztailaren 13tik abuztuaren 13ra.
  • Diru-laguntzen kudeatzailea Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritza izango da.

2017ko ekitaldian 70 proiektu inguru aurkeztuko dira.

Diru-laguntza hauek iragartzen diren hirugarren urtea da aurtengoa. 2015 eta 2016 artean, 51 proiektu babestu dira, eta guztira ia lau milioi euroko finantzaketa jaso dute. Proiektuek askotariko helburuak izan dituzte: Idiazabalgo jatorri-deitura duen esnea biltzeko sistema optimizatzea; Euskal Sagardoaren kupelak monitoritzatzeko teknologia-berrikuntzak egitea; haragi-hondakinei balioa ematea intsektu-larbak hazteko erabilita…

 

2017ko ekainaren 28ko Agindua, Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuarena, 43/2017 Dekretuan aurreikusitako lankidetzarako laguntzak emateko 2017. urterako deialdiaren oinarriak onartzen dituena

Lankidetzarako laguntzen gastuak kudeatu eta justifikatzeko eskuliburua

Orientazio-gida

Lankidetzarako laguntzei buruzko informazio-jardunaldiko hitzaldiak (17/06/26)

EUSKO JAURLARITZAREN INFORMAZIO OSOA