Eusko Jaurlaritzak 2020rako ikertzaile eta teknologoentzako prestakuntza-laguntzen deialdia argitaratu du, Euskadiko nekazaritza-, arrantza- eta elikadura-sektoreko zientzia-, teknologia- eta enpresa-ingurunekoak, eta 1,8 milioi euro inguru bideratuko ditu beka horietara.

Helburuak

  1. Ikertzaile eta teknologo gazteen prestakuntza sustatzea Euskal Autonomia Erkidegoko nekazaritza-, arrantza- eta elikadura-sektoreko alor zientifiko-teknikoetan, merkatuetan eta marketin eta enpresa-antolakuntzan.
  2. Doktore-tesien, ikerketa-proiektuen edo garapen tekniko eta berrikuntzaren bidez euskal nekazaritza-, arrantza- eta elikadura-sektoreko lehentasunezko gaietako gazte tituludunen kualifikazio eta espezializazioa sustatzea, bi laguntza-programa ezarriz.

 a) Prestakuntzan dauden ikertzaileen programa (doktoretza-aurreko bekak) – 12 beka

b) Teknologoen prestakuntza-programa – 10 beka

2020ko deialdia

Deialdiaren oinarrien aginduan Garapen Ekonomikoa eta Azpiegiturak Sailak estrategiko eta lehentasunezkotzat jotzen dituen I+G+b proiektuen zerrenda jasotzen da, 2020ko ekitaldiari dagokion deialdiaren bi laguntza-programentzat, baita beka-eskatzaileek egiaztatu behar dituzten baldintzak ere.

Halaber, hautagaiak aukeratzeko prozesua 185/2007 Dekretu arautzailearen 11., 12. eta 13. artikuluetan jasotzen da.

Epeak

Eskaerak eta eskatutako dokumentazioa aurkezteko epea, zeinak aurkeztu ahal izango diren bai modu presentzialean eta bai elektronikoki, Eusko Jaurlaritzaren Garapen Ekonomikoa eta Azpiegiturak Sailaren Kalitate eta Elikadura Industrien Zuzendaritzan, hilabete batekoa izango da deialdiaren oinarrien agindua argitaratu eta hurrengo egunean zenbatzen hasita, hau da, 2019ko azaroaren 12tik abenduaren 12ra bitartean.

Laguntzak ebazteko epea sei hilabetekoa izango da, deialdia argitaratu eta hurrengo egunean zenbatzen hasita.