2015ean, EFSAk arlo tematikoen (thematic grants) lehen deialdia egin zuen arrisku kimikoak eta biologikoak identifikatzeko eta horien ezaugarriak zehazteko ikuspuntu eta metodologia berriei buruz. Sei proposamen aurkeztu ziren, eta horietako bi onetsi ziren: INNUENDO eta ENGAGE. Bi proposamenak elikagaiek transmititutako mikrobio-patogenoak identifikatzeko eta bereizteko ikuspegi molekularren erabilera ikertzera daude bideratuta.

Euskal Herriko Unibertsitateko Farmazia, Medikuntza eta Zientzia eta Teknologia fakultateetako hainbat ikertzailek INNUENDO proiektuaren partzuergoan parte hartzen dute beste 8 bazkiderekin batera, eta proiektu horren helburua da genomika elikagaiek transmititutako zaintza epidemiologikoan txertatzea.

Proiektuaren liderrak (Helsinkiko Unibertsitatea) eta proposatutako partzuergoko beste kide batzuk (VETMEDUNI, EVIRA, THL, UPV/EHU) ondo ezagutzen dute elikagaiek transmititutako hainbat patogeno-populazioren (Campylobacter, Yersinia, E. coli y Salmonella) genetika. Gainera, lotura sendoa dute herrialde hauetako Elikadura Segurtasunaren eta Osasunaren tokiko agintaritza eta agentziekin: Finlandia (EVIRA), Portugal (INSA), Latvia (BIOR), Espainiako Euskal Autonomia Erkidegoa (ELIKA) eta Austria (AGES).

Honako honetan datza mikroorganismoen sekuentzia genomikoan (WGS) adituak direnen partzuergo honek egin beharreko lana: erreferentziazko esparru estandarizatu bat eraiki behar dute WGS teknikak bakterioetan erabil daitezen, eta, hala, nazioartean elikagaien bidezko gaixotasun-transmisioaren zaintza epidemiologikoan eta kontrolean integratu ahal izan dadin. Proiektu honen emaitzei esker, elikagaien bidez transmititzen diren gaixotasun kasuen kopurua murriztu ahal izango da nazioartean.

Proiektuak 2 urte eta erdi iraungo du, eta 1 milioi euroko aurrekontua du. EFSAk finantzatu du proiektuaren % 50, Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Politikako Sailburuordetzak % 2,5, eta gainerakoa partzuergoko bazkideek ordaindu dute.

INNUENDO proiektuaren webgunea

Artikulu osoa